"Eskola-porrotaren zifrak urtetik urtera
beldurgarriagoak dira geure artean. Duela gutxi kaleratutako inkesta
batek dioenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBHko) laugarren
urtea gainditzea lortzen ez duten ikasleak % 31,9 dira, zifra benetan
altua. Zer egin dezakegu gisa horretako egoera baten aurrean? Eta,
hobeto oraindik, ba ote da horrelako egoerak ez gertatzeko gurasook egin
dezakegun zerbait?"
Arrazoiak bilatu
Egoera horren aurrean egin beharreko
lehenengo gauza gure semearen edo alabaren errendimenduari eragin
diezaioketen kausa edo arrazoi posibleak detektatzea da.
Familiako giroa
Familian
bizi duten giroa izaten da gazteen ikasketetan gehien eragiten duen
faktoreetako bat. Gurasoen jarrera gogor edo zorrotzegia, anai-arreba
txikiagoren batek eragindako zeloak, maitasun falta,
norbere gaitasun eta ahalmenekiko konfiantzarik eza, etab. izan daitezke
eskolako porrotaren arrazoiak.
Kasurik gehienetan, faktore
horiek benetan gertatu ez arren ere, umeak horietan sinesten badu,
eragina egiazkoa izango da. Horregatik, kasu hauetan onena gure
seme-alabekin hitz egitea da, egia osoa mahai gainean jartzea, inolako
mehatxu eta zigorrik gabe, beretzat hain kaltegarria den egoera hori
konpontzen saiatzeko. Beste kasu batzuetan, ordea, psikologo edo
hezitzaile espezializatuen laguntza eskatzea beharrezkoa da.
Motibazio falta
Gure
seme-alabek nota txarrak ateratzeak ez du esan nahi ezinbestean
ikasteko gaitasunik ez dutenik. Adibide batzuk emateko, Einstein adimen
urrikotzat jo zuten eskolan, eta Goethe idazle handiak ez omen zuen
ortografian gutxieneko maila gainditzen. Gaztea desmotibatua dagoenean,
oso gauza normala da ikasketetan ere mailarik ez ematea.
Egoera
horren aurrean, benetan interesatzen zaion gai bat lantzera animatu
behar genuke, nahiz eta eskolako gaien artean egon ez. Ez dio axola,
hasiera batean, mitologia greziarra den edota gehien gustatzen zaizkion
musika-taldeak diren. Kontua gaztearen interesa piztea da, eta
metodologia akademikoa erabiltzen ikastea. Horrela, hain erakargarriak
gertatzen ez zaizkion gaiak ikasten hastea errazagoa gertatuko zaio.
Tutorearen edo irakaslearen laguntza eska dezakegu, dena den.
Arazo fisiko edo psikologikoak
Ez
dira sarritan gertatzen, baina ezin dira aldez aurretik baztertu; izan
ere, batzuetan eskolako errendimendu baxua (porrotera iritsi gabe ere)
arrazoi fisiologikoengatik izan daiteke: entzumen- edo ikusmen-arazoak,
hizketaren ingurukoak, dislexia eta abar. Normalean adinez gazteagoak
diren umeei erasaten dieten faktoreak izan ohi dira, eta diagnostikatu
ondoren, lan bereziarekin edota laguntza-geletan gainditzen dira.
Ikasturtea errepikatu behar denean
Hala
ere, zenbait kasutan, eskolako porrota oso nabarmena denean, umeak edo
gazteak ikasturtea errepikatzeko aukera planteatu beharko da.
Ikastetxeak berak edo tutoreak esango digute erabaki hori hartu behar
den ala ez.
Ez da zigorra, ezta porrota ere
Ikasturte
bat errepikatzea ez litzateke, ezinbestean, zigor edota porrot moduan
hartu behar, maila berregokitzeko saio moduan baizik. Ikasleak nola edo
hala, kosta ahala kosta, maila gainditzen saiatzea, horretarako mailarik
ematen ez duela argi eta garbi ikusten denean, akats handia da. Egoera
luzatu eta arazoa okerragotu besterik ez dugu egingo. Erabaki egokia
hartzen ez bada, porrota gero eta nabarmenagoa izango da.
Segurtasun handiagoa
Ume baten lehenengo urteak erabakigarriak dira garapen intelektualerako.
Urte
bat errepikatzea ez da esperientzia traumatikotzat hartu behar. Umeak
bere ikasketetan segurtasuna hartu eta eskolako porrota gainditzen duen
heinean, errazago ulertu eta ikusiko du hartutako erabakia, errepikatzea
alegia, onerako izan dela.