Ikasteko teknikak
ikasten ere ‘ikasi egiten da’
“Saiatzen
naiz, baina ez zait sartzen”, “ez dut ulertzen irakasleak esplikatzen
duena” “aurreko egunean ikasi nuenaz ez naiz gogoratzen”. Ziur behin
baino gehiagotan entzun ditugula esaldi horiek edo antzeko beste batzuk
gure seme-alaben ahotik. Eta ez dira aitzakia hutsak. Sarritan, eskolako porrota kontzeptuak modu egokian ez asimilatzearen ondorioa izan daiteke, ikasten ere ‘ikasi egiten da eta’. Jende guztiak ez daki kontzeptuak modu egokian memorizatzen, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereizten, gaiak laburtu eta antolatzen eta abar. Badira lan horiek guztiak egiteko berezko trebetasuna duten ikasleak, baina beste batzuek, ordea, eta horrelakoak dira gehienak, laguntza beharko dute ataza horiek egiteko. Horrexegatik, ikastetxe batzuetan jadanik hasi dira ikasleei trebakuntza hori ematen. Zure kasuan horrela ez bada, lasai, zure semearen edo alabaren tutoreak edo irakasleak lagundu ahalko dizulako.
Zer egin dezakete gurasoek?
Eskolako porrota ez da gauetik goizera agertzen den zerbait. Eta, gainera, arazo horri aurrea hartzea badago, hasiera-hasieratik neurri egokiak hartuz gero.
Txiki-txikitatik estimula ezazu umea
Ume baten aurreneko urteak erabakigarriak dira garapen intelektualerako. Garrantzi handikoa da, beraz, estimulu egokiak eskaintzea, galderak eginez, musikaren laguntzarekin, marraztera bultzatuz, etab.
Eredu ona emaiozu
Umeak zer ikusi, hura ikasi. Horrexegatik, garrantzitsua da zuri ere kultura interesatzen zaizula umeari azaldu eta frogatzea: liburuak gomendatuz, antzerki-aretoetara edo erakusketetara joanez…
Ikasketekiko interesa azaldu
Eta ez notekin bakarrik. Zein liburu ari den irakurtzen galde iezaiozu edo etxeko lanekin laguntza eskaini. Denbora asko ez bada ere, minutu batzuk berarekin ematea benetan eskertuko dizu.
Ez exijitu gehiegi
Gurasook beti nahi dugu onena gure seme-alabentzat, baina kontuz! Ez nekatu eskolaz kanpoko jarduerekin, klase bereziekin, etab. Emaitza okerragoak lortzeko arriskua dago.
Sekula ez egin konparazioak
Ume bakoitzak bere maila du, ez bere anai-arrebena.
Irakaslearekin harremanetan egon
Behin eta berriz hitz egin harekin. Aholkua eskatu eta jarraitu beharreko estrategiarik onena hitzartu. Batasunak indarra ematen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario