martes, 20 de noviembre de 2012

"Zer egin eskola porrota gainditzeko?"

"Eskola-porrotaren zifrak urtetik urtera beldurgarriagoak dira geure artean. Duela gutxi kaleratutako inkesta batek dioenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBHko) laugarren urtea gainditzea lortzen ez duten ikasleak % 31,9 dira, zifra benetan altua. Zer egin dezakegu gisa horretako egoera baten aurrean? Eta, hobeto oraindik, ba ote da horrelako egoerak ez gertatzeko gurasook egin dezakegun zerbait?"

Arrazoiak bilatu

Egoera horren aurrean egin beharreko lehenengo gauza gure semearen edo alabaren errendimenduari eragin diezaioketen kausa edo arrazoi posibleak detektatzea da.

Familiako giroa

Familian bizi duten giroa izaten da gazteen ikasketetan gehien eragiten duen faktoreetako bat. Gurasoen jarrera gogor edo zorrotzegia, anai-arreba txikiagoren batek eragindako zeloak, maitasun falta, norbere gaitasun eta ahalmenekiko konfiantzarik eza, etab. izan daitezke eskolako porrotaren arrazoiak.
Kasurik gehienetan, faktore horiek benetan gertatu ez arren ere, umeak horietan sinesten badu, eragina egiazkoa izango da. Horregatik, kasu hauetan onena gure seme-alabekin hitz egitea da, egia osoa mahai gainean jartzea, inolako mehatxu eta zigorrik gabe, beretzat hain kaltegarria den egoera hori konpontzen saiatzeko. Beste kasu batzuetan, ordea, psikologo edo hezitzaile espezializatuen laguntza eskatzea beharrezkoa da.

Motibazio falta 

Gure seme-alabek nota txarrak ateratzeak ez du esan nahi ezinbestean ikasteko gaitasunik ez dutenik. Adibide batzuk emateko, Einstein adimen urrikotzat jo zuten eskolan, eta Goethe idazle handiak ez omen zuen ortografian gutxieneko maila gainditzen. Gaztea desmotibatua dagoenean, oso gauza normala da ikasketetan ere mailarik ez ematea.
Egoera horren aurrean, benetan interesatzen zaion gai bat lantzera animatu behar genuke, nahiz eta eskolako gaien artean egon ez. Ez dio axola, hasiera batean, mitologia greziarra den edota gehien gustatzen zaizkion musika-taldeak diren. Kontua gaztearen interesa piztea da, eta metodologia akademikoa erabiltzen ikastea. Horrela, hain erakargarriak gertatzen ez zaizkion gaiak ikasten hastea errazagoa gertatuko zaio. Tutorearen edo irakaslearen laguntza eska dezakegu, dena den.

Arazo fisiko edo psikologikoak 

Ez dira sarritan gertatzen, baina ezin dira aldez aurretik baztertu; izan ere, batzuetan eskolako errendimendu baxua (porrotera iritsi gabe ere) arrazoi fisiologikoengatik izan daiteke: entzumen- edo ikusmen-arazoak, hizketaren ingurukoak, dislexia eta abar. Normalean adinez gazteagoak diren umeei erasaten dieten faktoreak izan ohi dira, eta diagnostikatu ondoren, lan bereziarekin edota laguntza-geletan gainditzen dira.

Ikasturtea errepikatu behar denean

Hala ere, zenbait kasutan, eskolako porrota oso nabarmena denean, umeak edo gazteak ikasturtea errepikatzeko aukera planteatu beharko da. Ikastetxeak berak edo tutoreak esango digute erabaki hori hartu behar den ala ez.

Ez da zigorra, ezta porrota ere 

Ikasturte bat errepikatzea ez litzateke, ezinbestean, zigor edota porrot moduan hartu behar, maila berregokitzeko saio moduan baizik. Ikasleak nola edo hala, kosta ahala kosta, maila gainditzen saiatzea, horretarako mailarik ematen ez duela argi eta garbi ikusten denean, akats handia da. Egoera luzatu eta arazoa okerragotu besterik ez dugu egingo. Erabaki egokia hartzen ez bada, porrota gero eta nabarmenagoa izango da.

Segurtasun handiagoa 

 
 
Ume baten lehenengo urteak erabakigarriak dira garapen intelektualerako.
Urte bat errepikatzea ez da esperientzia traumatikotzat hartu behar. Umeak bere ikasketetan segurtasuna hartu eta eskolako porrota gainditzen duen heinean, errazago ulertu eta ikusiko du hartutako erabakia, errepikatzea alegia, onerako izan dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario